Tesi batean ohartarazi dute arriskutsua dela irakasle gutxi batzuen gain uztea Lehen Hezkuntzan Interneten erabilera txertatzeko ardura
Jon Altuna psikopedagogoak zorrotz aztertu du eskola 2.0 fenomenoa. Zehazki, sakon ikertu du nolakoa den Interneten eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera eta integrazio-maila Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan. Era berean, gaiarekiko irakasleek, ikasleek eta haurren familiek duten jarrerari erreparatu dio. UPV/EHUn defendatu du bere tesia, eta Integración de Internet en la didáctica de la asignatura Conocimiento del Medio en el tercer ciclo de Primaria: posibilidades y análisis de la situación de un centro educativo (Interneten integrazioa Ingurunea irakasgaiaren didaktikan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan: ikastetxe baten aukerak eta egoeraren analisia) du izenburu.
Zortzi urtez ikastetxe batean egindako kasu-ikerketa batean dago oinarrituta Altunaren lana. Bertan, IKT-jarduerak txertatu zituzten Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailan irakasten den Ingurunea irakasgaian. Ikastetxe horretako 837 ikasleren, 134 irakasleren eta 190 familiaren datuak bildu zituen ikertzaileak. Lagin horren osagarri, 21 ikastetxetan IKT arloaren ardurapean zeuden irakasleen esperientziak ere hartu zituen kontuan.
Aldaketak irakaskuntzan eta ikaskuntzan
Tesian ondorioztatu denez, Lehen Hezkuntzan IKTak erreminta didaktiko gisa txertatzeak aldaketa positiboak dakartza, irakaslearen nahiz ikaslearen rolari dagokionez. Irakasleek eta ikasleek igorle eta hartzaile (hurrenez hurren) hutsak izateari uzten diote. Lehenak informazioaren bitartekari bihurtzen dira, eta bigarrenek aukera dute ikertuz eta aurkituz ikasteko, bai eta ideiak ikaskideen eta irakasleen aurrean azaltzeko ere. Hala, beste ikasleen lanen berri ere izaten dute.
Horrenbestez, Interneten eta IKTen erabilerak parte-hartzea eta elkarlana sustatzen ditu eskolan. Altunak azaldu duenez, ikasketa-eredu konstruktibistagoak, sozio-konstruktibistagoak, bai eta konektibistagoak ere indartzen lagun dezake.
Mugak integrazioan
Hezkuntzarako aukera handia eskaintzen badu ere, ikertzaileak ohartarazi du faktore askok mugatu dutela aztergai izan den irakasgaian Internet txertatzea. Hauexek dira horietako batzuk: astero eskaintzen zaion denbora-tartea, hornidura teknologiko eta informatikoa, Internetera sarbidea eta konexioa, ikastetxearen curriculuma eta, batez ere, irakasleen ezagutza, trebakuntza eta inplikazioa.
Azken faktore horri dagokionez, tesian ageri denez, joera dago “ordenagailuetan aditutzat” jotzen diren irakasleen gain uzteko IKTak eskolan txertatzeko ardura. Altunak ohartarazi du jokabide hori arriskutsua dela, hala jarraituz gero gainontzeko irakasleek trebatu gabe eta IKTak eta Internet aplikatzeko ezgai jarraituko luketelako haien irakasgaietako jardueretan. Beraz, azpimarratu du denek arduratu behar dutela ikasleak digitalki lehiakorrak izan daitezen hartu beharreko hezkuntza-neurriez. Era berean, ikusi du irakasleek beharrezkoa dutela IKTen alorreko orientazio pedagogikoa, berrikuntza didaktikoari dagozkion jarduerak ezagutu eta praktikan jartzeko aholkularitza jaso dezaten.
Irakasleen inplikazio falta ez ezik, haurren senideena ere gaineratu du Altunak IKTak behar bezala txertatzea galarazten duten muga gisa. Tesian azaltzen denez, familiek badute interesa haien haurrek Internet eta IKTak erreminta didaktiko gisa erabil ditzaten, baina haiek ere ardura gehiegitxo uzten dute eskolaren gain. Ikertzaileak dio senideek ere orientazioa behar dutela; izan ere, kezka eragiten die beren seme-alabek Internetez egiten duten erabilerak, baina ez dakite nola jokatu auzi horri dagokionez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario